Idazlanak kalifikatzea

  • Irakasleentzat da, bereziki, dokumentu hau; baina ikasleentzat ere badu zati bat: sintesi orrialdea (1, taula duena), Z formula beraiek aplikatu ahal izateko eta metodoaren funtsa ulertzeko.
  • Atalak® metodoa. Garapena: J. Butroe
  • 1  Terminologiaz ohar batzuk
    2  Metodoa: ardatzak, markatzea, akatsak, kalifikatzea, zuzenketa
    3  Ereduak, 25 idazlan kalifikatuta
  • > pdf dok · Orrialde kop
  • > 25 eredu, metodoaren arabera markatuta eta kalifikatuta


_____________________________

Dokumentuaren azala

   >  Idazlanak markatzea eta kalifikatzea. Atalak metodoa  2 orr


Orrialde honen amaieran ariketa praktikoen zerrendatxo bat dago.
Eredu gisa, benetako testuak eskaintzen dira, markatuta eta kalifikatuta. 

_____________________________ 

1 Terminologia zehazte aldera  

Zuzenketa hitz generikoa erabiltzen da (“azterketak zuzentzea”, “ idazlanak zuzentzea”…) eta horrekin batera zuzentzaile terminoa. Baina, egia esan, ez dira egokiak, ez baitira zehatzak. 

Izan ere, azterketa gehienak ez dira zuzentzen (?!) –gaztelaniaz horrela esan arren–; hots, ez dira zuzenduta ematen. Horregatik, ez dira termino egokiak.

Hobe anglosaxoien erara marking eta grading kontzeptuak erabiliko bagenitu euskaraz ere: markatzea eta kalifikatzea (graduatzea, balorazio bat ematea). Edo, sinpleago esanda, “Idazlanak kalifikatzea” (nota jartzea). Idazlanen kasurako, bi kontzeptu horiek oso egokiak eta zehatzak dira: idazlanak markatu eta kalifikatu egiten dira; zuzenketa, ordea, ikasleek beraiek egin dezakete, irakaslearen marken arabera.

Baina, egia da, azterketa guztiak ez dira kalifikatzen; azterketa mota batzuetan (hutsuneak, aukerak…) egiten dena da markatu, zein erantzun dauden ondo edo txarto eta, ondorioz, puntuatu.  

Hortaz, honela finka daiteke terminologia egokia: 

  • Aztertzailea (marker) : azterketak markatzen eta puntuatzen dituena (lorturiko emaitza). 
  • Azterketak puntuatzea: ondo/gaizki, egia/faltsua… modukoetan, lorturiko puntuak ipintzea.
  • Kalifikatzailea (rater) graduatu daitezkeen azterketak (idazlanak…) kalifikatzen dituena, ze maila duten epaitzen duena. 
  • Azterketak kalifikatzea: azterketen maila zehaztea, kalifikazioa edo nota jarriaz, markekin eta iruzkinekin edo horiek gabe.


Alegia, irakasleek aztertzaile lana egiten dute, edota kalifikatzaile lana; batzuetan azterketak puntuatu egiten dituzte eta beste batzuetan azterketak (idazlanak, testuak, iruzkinak...) kalifikatu egiten dituzte.


_____________________________ 

2 Idazlanak markatzea eta kalifikatzea  ATALAK metodoa 

Metodo hau kalifikatzaile lana egiteko sistema bat da, idazlanak (iruzkinak...) graduatu edo baloratu egin behar diren kasuetarako. Batez ere hizkuntza arloko irakasleentzat da; baina beste jakintzagai batzuetan ere baliagarria da, E-M-Z ardatzetako balioak egokituta, azken batean, irakasle guztiek baitute erantzukizuna ikasleen hizkuntz formakuntzan (Historia, Folosofia, Natur Zientziak…). 

Proposatzen dugun metodo honek bi alderdi ditu: batetik, markak; bestetik, hiru ardatz (E-M-Z), balorazioa edo kalifikazioa orekatua gerta dadin. Eta bakoitzaren oinarrian, parametroak, ardatzen osagai xeheak kontuan izateko.

Gainera, metodo honek Zuzentasuna ardatzaren kalifikazioa formula baten bidez ateratzea proposatzen du, erabat objektiboa eta proportzionala.   


2.1 Ardatzak 

Metodo honek hiru ardatz ditu oinarri, eta horietako bakoitzean ipinitako kalifikazioen baturatik aterako da nota orokorra. Dokumentuan ikus daitekeenez, 2,5 - 2,5 - 5 puntuazioak proposatzen dira ardatz horietarako.

  • EDUKIA. Testuak, helburua betetzeko, adierazpen corpus bat eduki behar du: ideia batzuk, informazioak, argudioak, adibideak, datuak… Horiek guztiek idazkiaren muina osatzen dute, Edukia (E) kontzeptua. Alderdi honek lotura du gaitasun soziolinguistikoarekin
  • MOLDEA. Informazioa askotariko baliabideekin ontzen da: egiturak, lexikoa, antolatzaileak…; bada, baloratu behar da ea horiekin guztiekin testu argia, egituratua, kohesionatua, aberatsa… lortu den. Laburbilduta, ea gorputza arropa egokiekin jantzi den. Ardatz hau bete-betean kokatzen da gaitasun diskurtsiboan.
  • ZUZENTASUNA. Ardatz honetan ortografia, sintaxia eta lexikoa sartzen dira. Denak garrantzitsuak izanik ere, uste orokorraren kontra, garrantzitsuena ez da ortografia, sintaxia baizik. Beraz, gaitasun linguistikoari erreparatuko diogu ardatz honen bidez.


Oinarrizko ardatz horien barnean parametroak xehetu dira, puntuazioan zehaztasuna lortzeko. Metodoaren dokumentuan azaltzen den bezala, hiruretan daude kontuan hartzeko parametroak: batetik, Edukian, bi parametro; Moldean, hiru multzotan sei parametro; eta Zuzentasuna ardatzean ere bereizketa egin behar da: ortografia / sintaxia eta bai arruntak / larriak.


2.2 Markatzea 

Idazlana edo testua oharrez bete daiteke, edo edukiari, edo moldeari, edo zuzentasunari buruzkoak; baina sinplifikatu egin behar da zeregina. Testuan egin daitezkeen markak izan behar dira, hitzen parean. Beraz, batez ere (Z) zuzentasun mailako zeinu grafikoak izango dira. 

Edukiaz edo moldearekiko iruzkinak, testuaren gainean barik, hobe marjinetan egitea.

Marketan, funtsean, bi gradu bereizi behar dira: arruntak eta larriak

  • Arruntak (huts erdi, 0,5): batetik ortografikoak, baina baita lexiko edo egitura desegokiak ere, nahiko hedatuak izateagatik-edo egiten direnak.
  • Larriak (huts osoa, 1): batez ere sintaxizkoak (dekl., ad., egit.) baina baita ortografiazko akats oso gogorrak ere (letra larriak, hitz arrunt oso erabiliak…), edota lexikozko nabarmenak.


Bestetik, marka osagarriak ere egin daitezke, akats moduan zenbatuko ez direnak: jadanik markatutako hutsegite ortografikoen errepikapen kasuak, edota trakeskeriak adierazteko (olatu itxurakoak); baita kakoak ere, trakeskeria bat testuinguruan kokatzeko.

  • Didaktika oharrak 
    Ikasleentzat, idazlana markarik gabe –edo oharrik gabe– nota bajuarekin kalifikatuta jasotzea frustrazioa da. Kalifikatzaileak ondo 
    jakin dezake notaren zergatia: irizpideak, eskarmentua, jakituria, sena, eta abar. Baina ezinbestekoa da ikasleak berak ere jasotako kalifikazioaren zergati batzuk ikusi ahal izatea: bere ahulezien ohar batzuk eta markak. Bestela, ez da batere didaktikoa; alegia, ikasleei ez die balio ikasteko eta hobetzeko. Era berean, nota onarekin kalifikatuta ematen diren idazlan marka eta ohar gabeek ere ez dute balio didaktikorik, ongi egon arren beti dagoelako zer txukundu hurrengo baterako; baina erreferentziarik ez badago, akabo.

    Azkenik, oso garrantzitsua da idazlanak kalifikatzerakoan irakasleak ez jakitea zein ikaslerena den bakoitza; alegia, idazlanak anonimoak izatea. Kode bat erabilita egin behar dira, eraginik gabe baloratzeko. 


2.3
 Akatsak zenbatzea eta indizea 

Hitzak zenbatuta emango ditu testu egileak, ikasleak berak, 50/ 100/ 150/ … multzoak markatuaz idazlanean. Zergatik horrela, 50naka?; bada, kalifikatzaileak konprobazio bat egin dezakeelako: hartu multzo bat eta konprobatu zenbaketa ongi egin dela.

Kalifikatzaileak, bere aldetik, egindako marken zenbaketa egin behar du, zuzentasunaren kalifikazioa modu zientifikoan atera ahal izateko: formula baten bidez. 

Horrela lorturiko Z kalifikazioak honako ezaugarriak ditu: batetik objektiboa da, huts kopuruarekin erlazio zuzena baitu; bestetik, proportzionala da, hutsegite kopurua ez ezik hitz kopurua ere kontuan hartzen baitu: zenbat eta gehiago idatzi, hutsegiteak ere gehiago onartzen ditu formulak. Beraz, hitz batekin definitzekotan, justuagoa dela esan daiteke. 

Nolanahi ere, markaren batek edo bestek zalantzak eragin ditzake ikasleengan: “Hau zergatik da larria?”, “Hau ez dut ulertzen zergatik dagoen txarto”… Hortik gora, hain da neutrala ezen ikasleek beraiek atera dezakete Z nota, formula aplikatuta. Alegia, beraiek deskubritu dezakete zer kalifikazio lortu duten Zuzentasun alderdian. Horrek argi erakusten du ez dela irakasleari bururatu zaion nota, eta, esan gabe doa, horrela jokatzea oso-oso didaktikoa gertatzen dela, hots, ikasteko oso aproposa.

Indizea. Ikasleen mailaren arabera formulan aplikatu beharreko indizea aldakorra izan daiteke. Erreferentziazko indizea 100 da; horretatik gora zorrotzagoa izango da, eta horretatik behera leunagoa. Beraz, mailaren arabera egokitu egin daiteke; edo maila berean, ikasturtean zehar moldatu: leuntxoago hasi eta apur bat zorroztuz joan.

  • Beraz, hona prozedura, urratsez urrats:  
    1  Ikasleek idazlana txukun eta hitzak zenbatuta (50, 100…) emango dute, kode batekin.  
    2  Irakasleak idazlan anonimoak baloratu (E-M) eta hutsegiteak markatu (Z) egingo ditu. 
    3  Ikasleek jaso eta beraiek aterako dute zuzentasun nota, formula aplikatuaz (taulatxoa edukiko dute).
    4  Ikasleek zuzenketa egiteari ekingo diote, arkatzez edo beste kolore batekin originalean bertan. 
    5  Ikasleek garbira pasatuko dute idazlan zuzendua eta konponketak fosforeszentez markatuta.
    6  Irakasleari bi bertsioak (dokumentuak) eman: originala (markatua) eta zuzendua, bietan izena ipinita.
    7  Irakasleak zuzenketa kalifikatu (±2) eta idazlanaren kalifikazioa(k) bere nota sisteman jaso. 

  • Laburbilduta: proba egin > irakasleak markatu eta baloratu > ikasleek zuzendu > azken kalifikazioa(k) jaso


2.4 Kalifikatzea 

Hiru ardatzetako bik (E - M) balorazioa egiten duenaren subjektibotasun gradu bat izan dezakete, baina hirugarren ardatza (Z) zientifikoki ateratzen da (Ikus formula eta taula). Eta E - M alderdien subjektibotasun gradua asko gutxitzen da bakoitzaren parametroei erreparatuta jokatuz gero. 

Azken batean, hiru ardatz horiek aplikatuz gero bi kalifikatzaile edo gehiagoren balorazioak oso hurbil egongo dira bata bestetik eta, garrantzitsuagoa dena, testuaren egileak ere jokabide oinarritua eta serioa sumatuko du kalifikazioan, metodo bat aplikatu izana, eta ez irakaslearen balorazio pertsonal bat.


2.5 Zuzenketa 

Azken lana benetako zuzenketa izan behar da (Ikus dokumentuko oharra), ikasleak berak egina, jasotako marken eta oharren ondorioz. Eta zuzenketa hori eginez, horrela ikasten dute ikasleek gehien, zalantza barik. 

_____________________________

  • *(Irakasleok)  Gure praktika —eta gomendioa— hezkuntza arautuan (LH, DBH, Batx): ikasleek zeregin hori interesarekin har dezaten, zuzenketari balio bat eman behar zaio, puntuazio bat: berreskurapen bezala planteatu eta 2 puntuko balioa eman.  

    Ikasleek Z lehen notari gehitu ahal izango diote berreskurapenekoa. Batzuk, kasurako, 3,5 > 5 pasa daitezke; 0 izan dutenek ere, zuzenketarekin, 2 puntuko nota lor dezakete. Z nota beti ere 5 izango da gehienez eta, beraz, gerta liteke baten batzuek 5 puntutik hurbil lortuta izatea, 4 adibidez; kasu horretan 1 izango da, gehienez, gaineratu daitekeen berreskurapen nota: 4 + 1 = 5. 

  • Hortaz, idazlanaren zuzenketak, batetik, balio bat izango du: 2 puntu. Eta, bestetik, argi utzi behar da bakar-bakarrik dagokiola Zuzentasun alderdiari. Alegia, ezin da birmoldatu idazlana, edukiak aldatuaz, esaldi berriak sartuaz, eta abar. Zuzentasun nota hobetzeko ariketa denez gero, horixe bakarrik egin behar da: testua berriz idatzi baina markak jarritako lekuetan zuzenketa eginez (ortografia, zeinuak, sintaxia, lexikoa…). Ikasle bakoitzak bere hutsegiteak konpondu behar ditu eta, ziurrenik, irakaslearen azalpenak ere beharko ditu marka batzuen zergatia ulertzeko –didaktika pertsonalizatua–.

  • Prozesua amaitzeko, eta irakasleak zuzenketari puntuazio bat eman ahal izateko, ikasle bakoitzaren bi idazlanak jaso behar ditu: originala —markak dituena— eta idazlan zuzendua. Parean ipinita, konprobatu egin behar du ea markaturiko huts bakoitza behar bezala zuzendu den. Ikasleek beti ez dituzte ondo interpretatzen markak eta trakeskeria bat okerrago ere ipin dezakete. Bada, behar bezala zuzendu ez den marka edo huts bakoitzeko penalizazio bat ipini behar zaio zuzenketako puntuazioari: 2 puntuei kendu 0,25 edo 0,50 —edo 0,20 / 0,40— larritasunaren arabera. Hots, lau akats larri ez badira behar bezala zuzendu, berreskurapenaren puntuazio 0 da; bi akats leun ez badira behar bezala zuzendu: 1,50 puntu; huts larri bat eta leun bat gaizki zuzenduta: 1,25 puntu.

  • Errepikatu egingo dugu arestian esandakoa. Ariketa honen bidez ikasleek asko ere asko ikasten dute, nork bere hutsegite errealak konpontzen ikasten baitu, ez huts generikoak edo teorikoak, edo denentzat azaltzen diren horietakoak. Gainera, aurkezpen txukunagoa eskatzeko ere balia daiteke ariketa: zirriborro gabe, lerrokadak ondo, aurkezpen (letra) txukunagoa...

  • Eta, amaitzeko, esan dezagun honelako praktika burutu ezean kalifikatzailearen lan neketsua ia atarramendu gabe geratzen dela: idazlanak baloratzen —irakurtzen, analizatzen…— egindako ahalegina fruitu gabe geratzen da; Zuzentasun alderdia markekin eta formula batekin baloratu ezean, hurrengo idazlanak ere akats berberekin etor daitezke irakaslearen eskuetara, eta berdin hurrengoak, eta hurrengoak, kate amaigabean. Metodo hau aplikatuz gero, ordea, nabarmena izaten da lortzen den aurrerapena, Zuzentasunean batez ere, baina baita Moldea alderdian ere.  


_____________________________ 

3 Ereduak, 25 idazlan kalifikatuta

Lau multzotan, ariketa praktikoak: adin eta maila desberdinetako ikasleen testuak

    >  pdf

    B1 maila • DBH 4  5 testu / 20 orr

    B2 maila • Batx 2  6 testu / 24 orr

    B2 maila  Selektibitatea  4 testu / 16 orr 

    C1 maila • EGA  10 testu / 40 orr