Manu militari (Zatia)

Siguiente
  • «—Bada sentitzen da... bost urte nituen... uda zen... hondartza... Kontxako hondartza, gaztelua, hareazko gaztelua, itsasoa, maria gora zetorren, kuboa eta pala, orduan ez zegoen altabozik, eta ni gaztelu bat egiten ari naiz hondarretan, tunela, hondarraren azpiko tunela, esku batekin azta­rrika, hondar-ale xehe-xeheak, txirla zati­txo hautsiak tarteka, tunelaren gainean gaztelua, ez da gaztelua, hareazko hesi baldar gutxi gora­behera laukitua baizik, baina ni orain aztarrika ari naiz bi eskuekin: hondar ale xehe-xeheak, txirla zati­txo hautsiak tarteka atzazaletan, es­kui­­­­na alde batetik eta ezkerra bestetik, gaztelua goian, ene, hau poza!, bi eskuek elkarrekin topo egin dute: «Hola, zer moduz?», eskuek elkarri eskua ematen diote, ze grazia, besoak ukondoetaraino sartuta dauzkat hareatan, gazteluaren azpian, makurturik nago eta sudurra gazteluko plazarantz jaitsita: hemen piszina txiki bat egingo dut, karramarro bat harrapatuko arroketan eta hona botako dut, hemen gazteluko dorreak egingo ditut, hareazko hesiaren lau ixkinetan, eta beheko tunel honetan?, ai, krokodilo txiki batzuk baleude, orduan bai ongi, inor ez litzateke sartuko nire gazteluan,  «zubi al­txakorra», hori oso zaila da, hori ezin da egin, tunela sakondu, tunela sakondu, gazteluaren albo banatara tunel berriak egin, tunelak, tunelak, ura, ez, ez segi sakontzen, ura, uraz bustitzen ari zaizkit eskuak, ukondoak ere bai, ura, nondik dator ura?, azpitik bakarrik ez, oinak eta belaunak ere busti­tzen ari zaizkit, «txikitin, txikirrikitin, oyian pixa egin du» kanta­tzen didate arrebek, baina hori gezurra da, orain ya ez det egiten, eta tonta ba­tzuk dira, ya ez det busti­tzen pijama, tontak dira, tontak, ni ya aundiya naiz, esko­lara juten naiz eta eztet oyian pixik eiten, ura, gaztelua urez inguratua dago, itxasua ere tonto da, nere gaztelua inguratzen ai da, Arantxa eta Maite bezela, tontas, bobas, amatxori esan­go´yot, bobas más que bobas, ama, esango´yot, ikusik´ezu, ama, beira, Arantxak pixontzi deittu´it, gizaajo´ri, etorri ari onea, gangar alako oiek, hummmm, ia gero!, gure mutil txikiyai olako gauzak esaten, eta orain ere altxatuko naiz, jungo naiz amatxongana eta esango´yot: «Beira, ama, gaztelu bat ein det, baiña itxasua dator eta botako du, etorri zaitez»,  


Manu-1 Manu-2
  • baiña ama ez da agiri, jendia dabil txipli-txapla ur ertzian, emakume potolak trajebaño beltzekin, eta nik ba´kit ez dala ne´arrik ein biar, ni mutil aundiya naiz-eta, eta seguru n´o e´naizela ai ne´arrez, baiña andreorrek galdetzen dit: «¿Qué te pasa, guapo?, ¿te has perdido?», eta nik: «No», baiña lepotik eldu dit, ze orduan etze´on altabozik, eta oso emakume guapa da, eztaka trajebaño beltzik, lore gorri batzu´ tazka titien buel­­tan, eta trajebañua urdiña da, lore gorri batzu´kin, eta ortzak txuri-txuriak erakus­te´ittu irriparre eitterakuan, eta makurtu da, kukulumutxu jarri da, eta arpegiya nere aur­pe­­giyan aurrian daka orain, «No te preocupes, que enseguida vamos a encontrar a tu mamá», «Yo no tengo mamá», «Ah, no?», «Yo tengo amatxo» esan diyot eta parre ein du, ortzak txuri-txuriya´tazka, oso guapa da baiña amatxo geyo, eta esaten dit bera ez dala emengua, madrileña dala, eta geyo gustatzen zaiola «mamá» «amatxo» baiño, eta nik orduan ezin diyot ezer esan,  ze oso guapa da eta gainera ortzak txuri-txuri­ya´tazka, baiña iges eiten det eta nai diyot ze´ozer esan, «idiota, tonta, cochina» edo ola, baiña iges eiten det, eta or dator Arantxa, korrika nijua jendian toallak zapal­tzen, «Nun tzinan, po­ttoko?», baiña nik mingaiña ateatzen diyot, eta nai det amatxongana azkar-azkar aileatu, «Ama, etorri zaittez!», eta badator nirekin amatxo, tira egiten diyot eskutik helduta, «Bai­ña, baiña, zer?, nora naramazu?», eta nik eztakat arnasik gazteluarena eta ori dana esplikatzeko, eta aileatu gera ur ertzera: ez dago ezer, itsasoak tapatu du gaztelua, eta olatua erretiratzen denean, han­txe daude,  kaka-mokordo txiki batzuk ematen dutela, nere gazteluaren konddarrak, «Oh, ze pena», esaten du ama­txok, «Baiña biyar eingo´ezu beste bat, maitia, ale, goazen etxera, berandu da eta», eta ni orduan konturatzen naiz amatxok ezin duela ezer itsasoaren kontra, eta oso triste jartzen naiz…»