Idazlana

Anterior
  • Ikasleentzat egokia: DBH 2. zikloa • Batx +
  • Idazlanak Gida. Garapena: J. Butroe
  • 1  Bi maila bereizita: B (DBH) eta C (Batx +)
    2  Idazlanaren bi alderdiak: Edukia eta Moldea
    3  Idazlanaren parteak: hasiera, garapena, amaiera
  • > pdf dok · Orrialde kop


_____________________________ 


IDAZLANAK EGITEKO GIDAK
  

   >  Idazlanak B Gida  2 orr  (DBH)

   >  Idazlanak C Gida  4 orr  (Batx +)

1 Bi maila bereizita

       Idazlanak B Gida 

     Bertsio apur bat sinpleagoa da: B maila, DBHko ikasleentzat.  
     Bi orrialdetan azalduta daude Gidaren bloke nagusiak.

  • Idazlanaren bi alderdiak zatian Edukia eta Moldea.
    Edukian batez ere
    gaia kontzeptua azaltzen da eta, horrekin batera, tesia. Baita gidoia ere.
    Moldea zatian, honakoak deskribatzen dira:
    aurkezpenaren garrantzia, egiturak, lexikoa, antzolatzaileak, zeinuak, estiloa, zuzentasuna.
  • Parteak zatian, berriz, idazlanaren hiru osagaiak: hasiera, garapena eta amaiera. Garapena da azalpen gehien biltzen duena eta horren barnean lerrokadak eta, batik bat, antolatzaileen koadroa, elementu erabilgarrienak sailkaturik, non aukeratu erraz edukitzeko. Oso lagungarria. 


       Idazlanak C Gida 

     Bertsio hornituagoa da: C maila, Batx eta goragoko ikasleentzat.
     Lau orrialdetan azalduta daude Gidaren bloke nagusiak:

  • Idazlanaren bi alderdiak zatian Edukia eta Moldea.  
    B gidan bezala, baina honakoan sakonago deskribatzen dira osagaiak eta anitz adibiderekin hornituta datoz azalpenak.
  • Parteak zatian ere azalpen zehatzagoak daude, sakonagoak eta adibide gehiago. 


2 Idazlanaren bi alderdiak

  EDUKIA 

Edukia, labur esanda, testua osatzen duten adierazpenen corpusa da, mamia edo muina: ideiak, argudioak, informazioak, datuak, adibideak...

Gai bati buruzko testu batek (idazlana) horixe izaten du oinarri –hitz batean edo sintagma batean laburbiltzen da– eta horren inguruan ibiltzen da biraka. Adibidez: Internet, Gosea munduan, Artearen garrantzia…

Oinarri den gai horri buruz testu masa bat eraikitzen da (idazlana) adierazpen anitzekin: baieztapenak, gogoetak, entzundakoak, esaten direnak, adibideak, datuak… Horregatik, idazlanaren edo eraikiko den testuaren mamia garatu ahal izateko, on da gidoi bat edo apunte sorta bat biltzea, zirriborro gisa. 

Gidoi batek zera ere lortuko du: adierazpen guztien artetik tesia edo ideia nagusia zein den finkatzea. Alegia, testu komunikatibo batean, gai bat duen testu horretan, zein da ideia nagusia, zein da baieztapen nagusia?

  MOLDEA 

Testuari forma ematen dioten hizkuntzazko baliabideak edo osagaiak dira: egiturak, lexikoa, antolatzaileak, zeinuak, estiloa (eta zuzentasuna). Izan ere, idazlan bat burutu ahal izateko askotariko osagaiak behar dira: 

Egiturak, komunikazio zati sinpleak eta konplexuak, edukia (ideiak,  informazioak…) pausoka azaltzeko.

Esaldiak edo perpausak dira, askotarikoak. Eta egituren multzoek lerrokadak eraikitzen dituzte: ideia edo informazio bat nahiko garatuta dagoenean, edo amaituta, lerrokada itxi eta beste bat irekitzen da.

Lexikoa (izenak, aditzak, adjektiboak, aditzondoak, esamoldeak…), adierazpenak zehatz eta egoki komunikatu ahal izateko.

Antolatzaileak, testuko osagaiak uztartzeko balio duten elementuak dira: bai esaldiko hitzak euren artean, bai esaldiak, bai lerrokadak euren artean. Finean, testuak eraikin itxura izan dezan, eta ez uztartu gabeko elementuen pilaketa bat.

  • Adibidez: gainera, nolanahi ere, beraz, nahiz eta, noski, hau da…


Zeinuak elementu oso garrantzitsua dira testu idatzian. Ahozko testuek intonazioa eta pausak dituzten bezala, idazlanetan zeinu grafikoak behar dira hitzen eta egituren arteko erlazioen kadentzia adierazteko: komak, puntu eta komak, hiru puntuak, parentesiak, marrak… 

Estiloa ere elementu formal aipagarria da. Irakurlea eta testuingurua kontuan harturik, horien arabera egokitu behar da idazlanaren estiloa. Batetik, naturala eta sinesgarria izan behar da idazlanaren tonua, irakurlea asaldatu edo mindu gabe. Bestetik, zein pertsona erabili oso garrantzitsua da: ni pertsona ez da egokia, hobe gu pertsona, plural maiestatikoa edo errespetuzkoa; zu pertsona ere desegokia da, idazlan bat ez baita gutun bat –hizketan bezala erabiltzen den molde hori (joaten  zara…), gaizki dago–; hobe molde neutroko 3. pertsona erabiltzea: hura, haiek.

Amaitzeko, zuzentasuna. Edukia eta moldea alderdiak balio aldetik eskas geratzen dira idazlanak ez baldin badu zuzentasun gradu onargarri bat: ortografia, baina batez ere sintaxia (deklinabidea, adizkiak, perpausak…) eta lexikoa

Akatsekin, edukia narrats edo ulergaitz gerta daiteke, eta moldea ere oso kaltetuta. 

  • Esaterako, ideia edo adierazpen interesgarriak hondatuta gera daitezke trakeskeria ortografikoen eraginez: zeinuak gaizki, maiuskulak, atzizkien loturak, siglak…; komak, puntuak, bi puntu, puntu eta bereiz (lerrokadak)… 
  • Era berean, moldearen kalitateari bete-betean eragiten diote akats sintaktikoek edo lexikoek. Komunztadura akatsak oso deigarriak izaten dira; baita lexiko desegokia edo erratua ere. Horrelakoek distortsionatu egiten dute testuaren irakurketa arretatsua.
  • Esan gabe doa eskuz idatzia baldin bada oso garrantzitsua dela itxura txukuna ere: kaligrafia (ez idazkera zabarra) eta orrian margenak behar bezala utzita izatea.


3 Idazlanaren parteak

  HASIERA 

Funtsean, hasiera testuaren aurkezpena da; gonbidapen gisako komunikazio bat planteatzen da, irakurleari gaira hurbiltzen laguntzeko, testuan barneratu dadin animatzeko. Horregatik, garrantzitsua da sarrerako esaldiak eta moldea ondo aukeratzea, jarraitu ala ez hortxe erabaki baitezake irakurleak. Sarrera erakargarria ez bada, agian ez du mereziko irakurtzen jarraitzea; beraz, hobe edozelan ez hastea idazlana.

Baina, bestalde, ez da jo behar irakurlea txunditzera; hots, ez da bilatu behar sarrera lar hanpatua edo bitxiegia. Naturaltasunez jokatzea beti da bide segurua. Hona aukera batzuk: baieztapen batekin, aipamen edo esaera batekin, galdera edo hipotesi batekin, datu batzuk edo estatitiska batzuekin, e.a.

Hortaz, lerrokada ez oso luze baten bidez, gaiaren aurkezpena egiten da sarreran. Ez du zertan eduki barnean tesia edo ideia nagusia oraindik; goizegi izan daiteke. Bidea egitea da helburua, etorriko den gorputzaren atarikoa balitz bezala.

  GARAPENA 

Behin sarrera onduta komunikazioaren garapena etorriko da: informazioak, datuak, iritziak, gogoetak, adibideak… Bata bestearekin oretuta, horiek guztiek osatuko dute testuaren gorputza:

      gaia > tesia > ideia nagusiak > adibideak > datuak > gogoetak

Gaia eta tesia izango dira beti idazlanaren iparrorratza, adierazpen guztiek harremana izango dute horiekin, bai ideia nagusiek, bai gogoetek, bai datuek, bai adibideek.

Adibideak eta datuak beti ere baieztapenak indartzeko bitarteko gisa erabiliko dira.

Baina gorputz horretako adierazpenak teknika landuarekin garatu behar dira. Hurrengo puntuetakoak aintzat hartzekoak dira. 

Lerrokadak   

Lerrokadak esaldi multzoak dira, modu kohesionatuan bildutakoak, eta informazio edo iritzi unitate bat osatzen dutenak. Alegia, ideia edo informazio bloke bat dira: lerrokadaren hasieratik amaierara bitartean (puntu eta bereiz) nahikoa nortasun duen komunikazio bat dago; ideia edo iritzi bat azalduta geratu da, biribilduta, eta beste lerrokada batera eraman daiteke haria.

Lerrokada txiki askoko idazlan batek sakontasun falta adieraz dezake, adierazpen gehiegi eta eskas garatutakoak. Ordea, lerrokada gutxi baina luzeak dituen idazlan batek astun izatearen sentsazioa eman dezake, alegia, adierazpenak gehiegi xehetu edo luzatu direla; edo komunikazioa anabasa dela, antolatu gabea, traketsa.


Tesia eta egituraketa

Gaia idazlan guztian zehar leitmotif-a izango da, bera presente izango da une oro.   

Ordea, ez da gauza bera gertatzen tesiarekin. Tesia azaltzeko hainbat aukera ditugu eta, horren arabera, hainbat egituraketa mota. 

Agian testuan ez dugu ipiniko ideia nagusi-nagusi bat (tesia) eta, orduan, gaia ideia batzuen bidez azalduta egongo da: gaiari buruzko alderdi desberdinak. Pausoka bezala, lerrokadaka, agian galderekin bideratuta…, gaiaren garapena horrela egon liteke. Alegia, idazlanak ez du izango egituraketa formatu zehatz bat.

Baina, agian, ideia edo baieztapen bat izango da testuaren funtsa, hots, azalpen-argudioak ideia nagusi horretatik abiatuko dira (dedukziozkoa), edo horretan amaitzeko bideratuta egongo dira (indukziozkoa), edo biak batera (zirkularra); edo kontrako argudioei aurre eginez garatutako testua (oposaketazkoa) izango da; edota didaktikoa gertatzen den galdera bidezkoa (galderazkoa); edo tesiaren alderdiak xehetuaz (errepikapenezkoa), pausoka.

Adibidez, Polizi eleberriak testua dedukziozkoa da, hasieran du tesia eta, ondoren horren azalpena dator, urratsez urrats.


Antolatzaileak  

Antolatzaileak askotariko elementuak dira (lokailuak, juntagailuak, menderagailuak, esapideak…), idazlanari edo testuari egokitasuna ematen diotenak. Ez dira testua zuzena egiteko baliabideak, baizik eta testuaren molde komunikatiboa nabarmen hobetzen duten hitz lagungarriak.

Idazlana (testua) antolatzaileekin ongi hornituta egon ezean komunikazioa zurruna izango da, robotikoa, traketsa, gatz bakoa; hitz bitan, ez da izango ez erakargarria, ez irakurgarria. Baina, noski, antolatzaileek eurek bakarrik –horien pilaketa edo gehiegizko erabilera– ez dute bermatzen testua egokia izatea. Neurrian erabiltzea da kontua, egoki eta ondo dosifikatuta.

Horra zerrenda baliagarri bat. Eskuarki komaz lagundurik jartzen dira.


  AMAIERA 

Sarrera bezala amaiera ere idazlanaren zati garrantzitsutzat hartu behar da; irakurleari zati hori, azkena izateagatik, errazago geratuko zaio gogoan eta ona baldin bada testuaren balorazio positiboa gorde dezake.  

Funtsean, tankera honetako pasarteren batekin nahiko biribilduta utz dezakegu: sintesi moduko bat, adierazitakoa laburbilduaz; ondorio gisako pasartetxo bat;  pasadizo edo aipamen egokiren bat, esandakoa ilustratzeko; edo, agian, galdera  erretoriko batekin; edo gogoeta interesgarriren batekin… Baina beti ere tonu egokian, ezkortasun edo baikortasun gehiegi gabe, irakurlearengan sentsazio positiboren bat eragiteko: beraren onespena, adostasuna, inplikazioa…