Nola egiten da...

  • 1  Idazlan bat
    Nola egiten den testu akademiko bat, gai bati buruzkoa
  • 2  IL lan bat
    Nola egiten den irakur-liburu (eleberri) bati buruzko lan bat
  • 3  Ulermen test bat  
    Nola egiten den testu (eleberri) baten ulermen test bat
  • 4  Testuen analisia 
    Nola egiten den eskema bat, laburpen bat, tesi izenburu bat, iruzkin kritiko bat
  • 5  Hizkuntz analisia 
    Nola egiten diren hizkuntz osagaien analisiak: hitzak, sintagmakizenlagunak, adizlagunak, aditzakperpausak
  • 6  Email bat 
    Nola idazten den mezu elektroniko bat: aholkuak eta teknika batzuk molde egokian eraikitzeko 


_____________________________  

Idazlanak C Gida azala

1  IDAZLAN BAT 

Gai bati buruzko testu komunikatibo bat zelan egin azaltzen da atal honetan. 

Bi mailatan bereizita dago materiala: B maila, DBHko ikasleentzat egokitutako gida laburra, bi orrialdekoa; C maila, apur bat hornituagoa, Batxillerreko eta goragoko mailetako ikasleentzat, lau orrialdetan. 

Dokumentuaren azalpenei dagokienez, lehenengo zatian edukia eta moldea lantzen dira, horietan dauden osagaien deskribapena eta analisia eginez. Modu didaktikoan, laburkiro, garrantzizkoena jasotzen da, eta gogoan hartzeko oharrak ere irakur daitezke.

Bigarren zatian, idazlan bat nola eraikitzen den, hasiera-garapena-amaiera, gune horietarako azalpenak eta ereduak eskaintzen dira. 

Eta Antolatzaileak koadroa, sortuko den testuaren kohesioan laguntzeko eta, oro har, idazlanak ezaugarri komunikatibo txukunak izan ditzan.


_____________________________ 

IL Gida azala

2  IRAKUR-LIBURU BATI BURUZKO LANA  

Urratsez urrats, IL bati buruzko lan bat zelan egin daitekeen. 

Gidako azalpenei, oharrei eta grafikoei kasu eginda, BDH eta Batxilerreko ikasleek zalantza handi barik gauzatu dezakete irakur-liburu bati buruzko lan txukuna.

Armiarma webgunea bisitatzea ere oso lagungarria izan daiteke, gure literaturari buruz duen informazio aberatsagatik, kritiken hemeroteka, eta abar.

Halaber, lana txukun amaituko bada beharrezkoa da Xuxen gunea bisitatzea eta baliatzea. Egindako lana, molde informatikoan baldin badago, testuak orrazteko tresna funtsezkoa da, akats daktilografikoak (teklak sakatzean gertatzen direnak), zein akats ortografikoak konpontzeko. 

Prozedura: testu zatiak kopiatu, Xuxen-en itsatsi, zuzenketa egin eta, amaitzeko, zuzendutakoa kopiatu eta jatorrizko dokumentuan itsatsi. 

Ikasleek eginiko IL lan ugari eskegita daude   > IL txokoa  n, kontsultatzeko edo eredu gisa.


_____________________________ 

3  ULERMEN TEST BAT 

Ulermen testak Azala

Testu luze baten ulermen test bat (adib., eleberri bat) zelan egin daitekeen azaltzen du dokumentu honek. 

Ez da lan erraza test bat eraikitzea: zelan egin enuntziatuak?, zelan jokatu behar da enuntziatuak eta aukerak behar bezala egiteko?, zer dira distraigarriak?, zeintzuk dira egin daitezkeen akats arruntenak? 

Azalpen orokorretatik hasita, ohar tekniko batzuk urratsez urrats emanda daude, zeregin horren alderdirik garrantzitsuenak behar bezala jaso daitezen.

Item gutxi batzuk ere eskaintzen dira, eredu gisa. Baina horien tankerako dokumentu osoak ikusteko, item askokoak, begitu:   > IL txokoa   . Adibidez, hurrengo obretan: 1280 arima, Ehun metro, Gerezi denbora, Gorrotoa lege, Morto Vivace, Ortziren hortza, Harry Potter, Iazko hezurrak, Udazkeneko lorea, Pijama marradunaz, Ezker hanka falta zuen, Prime-Time...


_____________________________ 

4  TESTUEN ANALISIA  

Testu teknikoen –ez-literarioen– analisia eta komentarioa zelan egin azaltzen da. 

Lau ataletan banatuta dago. 

Lehenik, eskema atala dago, testu baten egituraketa lantzeko, ideia nagusiak eta osagarriak bereizteko, eta horiek guztiak molde egokian adierazten ikasteko, sistema estandar baten bidez. 

Bigarrena, laburpena da, ideia garrantzitsuak eta gaia antzeman ondoren, horiek behar bezala elkartu eta testu kohesionatu batean emateko.

Hirugarrenik, tesi izenburua atala dago, testuko kontzeptu nagusia bereizten ikasteko eta horri loturik diren adierazpenak egokiro biltzeko molde argi batean. Alegia, testuaren mezua sintesian, baina adiera osoan ematea.

Testu teknikoekin arlo horiek guztiak landu ondoren, parterik konplexuena den iruzkin kritikoa egiten irakasten da. Horretarako, testuaren kokapena, eduki eta formazko lanketa eta lanaren emaitza nagusi gisa iritzi kritikoa nola eman lantzen da, testuaren balioak ikuspuntu kritikoz iruzkintzen, alde onak eta negatiboak, baina beti ere molde egokian eta jasoan.


_____________________________ 

5  HIZKUNTZ ANALISIA  

Hizkuntzako osagai nagusien analisia egiteko materiala da, egiturak batik bat, baina barne egituratik abiatuta, gramatika estrukturalaren enfokea erabilita. 

Hasieran sintesi orri bat du, kontzeptu gramatikalen zerrenda eta definizio edo azalpen labur batekin eta adibideekin. Kontsultarako erabil daiteke orri hori.

Ondoren sei ataletan banatzen da.

Batetik, hitzak: ze mota dauden, elkarketan eta eratorpenean ze aldaketa gertatzen diren, eta hitzen kategoriak.

Bestetik, sintagmak: motak, osagaiak eta egitura. Horien analisi grafikoa egiteko lanketa.

Hurrengo bi ataletan adizlagunak eta izenlagunak analizatzen dira; baita aditzondoen eta postposizioen egiturak ere.

Bosgarren Aditzak atala dator: motak, osagaiak, adizki nagusiko eta laguntzaileko ezaugarriak bereiztea, baita erroak eta morfemak ere.

Eta, azkenik, Perpausak atala: lokabeak eta txertatuak bereiztea, jokatuak eta jokatu gabeak, koordinatuen egitura adieraztea, txertatuen funtzioak, atzizkiak eta sailkapena eta horien egituraren adierazpen grafiko konplexua.


_____________________________ 

6  MEZU BAT NOLA IDATZI  

Gure gizarte bizitzan garrantzi handia dute gailu elektronikoen bidez trukatzen ditugun mezuek. Horietako batzuek, posta elektroniko bidezkoek hain zuzen, gutun klasikoen lekua hartu dute; garai batean papera eta tintarekin idazten genituenak ordezkatu dituzte baina, tamalez, badirudi molde egokiak jada ez direla beharrezkoak, presaka, edozelan idazten baitira askotan. 

Bada, dokumentu labur honetan mezu elektroniko txukun bat idazteko gomendioak ematen dira. Edukiaren antolamenduan-edo sartu gabe, zer-nolako molde formalak bete beharko lituzkeen azaltzen da, laburkiro.

Zelan hasi, zelan amaitu, ze tratamendu mota, ze lexiko erabili… 

Finean, aholku interesgarri batzuk gure emailak zabarrak izan ez daitezen, gure mezuak hor zehar dabiltzan watxap xextroso batzuen parekoak izan ez daitezen.