Ulermen testak

  • Irakasleentzat egokia edo Batx + ikasleentzat
  • Ulermen testen gida. Garapena: J. Butroe
  • 1  Ulermen probak
    2  Test probak: sarrera
    3  Testak nola egin
    4  Item eredu batzuk
  • > pdf dok · Orrialde kop


_____________________________ 


ULERMEN TESTAK EGITEKO GIDA

   >  Ulermen testak Gida  2 orr

1 Ulermen probak  

Funtsean, testuen ulermenari buruzko probak bi modutan egin ohi dira: edo galdera irekiak, alegia, azalpen bat behar dutenak (laburragoa edo luzeagoa); edo testak.

Azalpena eskatzen duten probetan, emandako erantzuna interpretatu edota balioztatu egin behar izaten da eta, horregatik, ez dira testak bezain objektiboak izaten. Duda gabe, test erakoak hobeak dira, onenak. 

Testak izanez gero, honakoak izan daitezke:

  • Adierazpen bat ebaztea: Egia - Faltsua
  • Galdera bat planteatuta: Bai - Ez
  • Enuntziatu bat eta horren erantzun posibleak: a-b-c-d
  • Testu zati bat eta horri buruzko adierazpen labur posibleak: a-b-c-d


Test moldekoei TP edo AAP deitzen zaie, hots, Test Proba edo Aukera Anitzeko Proba. Eta ariketa edo galdera bakoitzak item izena hartzen du; alegia, testaren unitate bakoitza (zenbakia) item bat da (E-F edo B-E) edo enuntziatua gehi aukerak. 

2 Test probak: sarrera 

Esan bezala, test erakoak dira ulermen proba onenak, baina beti ere ondo diseinatu eta eraiki badira; alegia, jarraibide batzuen arabera eta zehaztasun tekniko batzuk beteaz egin badira. Eta dokumentu honen xedea irakur-liburuak (IL) direnez, ondoko lerroetan eleberri baten ulermen test bat egiteko prozedurak eta teknikak azalduko dira.

Izan ere, test proba bat eraikitzerakoan, zehaztasun tekniko batzuk bete behar dira, bi alderditan: enuntziatu mailan eta aukeretan.

Oinarria: testua (eleberria) arretaz irakurri duenak erantzunak asmatu ahal izatea; baina liburua irakurri ez bada, erantzun zuzena zein den asmatzea zaila gertatzea.


3 Testak nola egin

   ENUNTZITURAKO ZER AUKERATU   

Bai enuntziatuak badira (baieztapenak, galderak) edo bai testu zatiak badira, lehen-lehenik edukiak finkatu behar dira: zertaz galdetuko da?, zein testu zati izan daitezke egokiak? 

Argumentua eta gertaerak

  • Oinarrizko edukiak (informazioak), argumentuarekin lotura estua dutenak.
  • Baita pasadizoak edo gertaera zehatz batzuk ere, obraren irakurleak gogoan izango dituenak, deigarriak direlako. Ez garrantzi gutxikoak.


Pertsonaiak

Baina ez galdera xaloak, liburua irakurri gabe ere, erreferentzien bidez (kontrazala, sinopsiak…) erantzun daitezkeenak. 

  • Pertsonaien izaeraz: nolako pertsonak diren, ezaugarriak…
  • Pertsonaien jokabideaz: une batzuetan zer sentitu, zer pentsatu duten, zergatik erabaki duten hau edo hori…


Moldea 

  • Narrazio teknikei buruz, deskribapenak, elkarrizketak..., edo beste berezitasun batzuei buruz.
  • Egituraketari buruz: ea lineala, flash-back erakoa, kapituluen antolaketa, pasarteak…


Elkarrizketak 

  • Argumentuarekin lotura estua duten zatiak, edo gertaera garrantzitsuak hobeto ulertzeko balio dezaketen solasak.



   ENUNTZIATUEN MOLDEA  

Orokorrak 

  • Enuntziatuak neurrikoak izan behar du; ez luzeegia eta, hortaz, korapilatsua. 
  • Enuntziatuak ezezka planteatzea ez da komeni: errakuntza eragin dezakete.


Aukerakoetan (a-b-c-d) 

  • Enuntziatuak adierazpen osoa izan behar dira, ez erantzunetako batekin osatzen direnak. Aukeretan hitzen bat errepikatzen bada, orduan enuntziatura eraman behar da.
  • Muina (kontzeptuak) hobe enuntziatuan jartzea, eta ez aukeretan.


   AUKERAK, NOLAKOAK 

  • Neurrikoak izan behar dira aukera guztiak, bai zuzena eta bai distraigarriak: antzeko luzera eta ez hitz asko.
  • Hiru distraigarriko itemak (1+3) zorrotzagoak dira bikoak baino.
  • Aukera zuzena ziurra izan behar da. Bihurria izan daiteke, baina gainerako aukerekin alderatuta, hobea.
  • Aukera okerrak, edo distraigarriak, balekoak izan behar dira; ez berez baliogabetzen direnak, baizik eta enuntziatuaren aukera sinesgarriak (eta gramatikalak).
  • Aukera zuzenean kontuz ibili behar da nahigabeko laguntzarik ez emateko. Adib.: enuntziatuarekin komunztadura argia, hitz berberak edo oso antzekoak…
  • Aukerak zorizko ordenan kokatu behar dira beti: zuzena edozein postutan.



Mailaketa

Landutako liburuaren arabera, zein adinetako irakurleentzat den aintzat hartuta eraiki behar dira bai enuntziatuak eta bai aukerak.

4 Item eredu batzuk

Horra laukian eredu batzuk. Baina test osoak ikusi nahi izanez gero, begitu    > IL txokoa  
Adibidez, hurrengo obretan: 1280 arima, Ehun metro, Gerezi denbora, Gorrotoa lege, Morto Vivace, Ortziren hortza, Harry Potter, Iazko hezurrak, Udazkeneko lorea, Pijama marradunaz, Ezker hanka falta zuen, Prime-Time...